BEHARRA DAUKAT PROIEKTUARI BERE ATXIKIPENA EMAN DIO UDALAK ES

Mutrikukoa proiektura gehitzen den hirugarren udala da. Udal hornikuntzetako komunak beharra dutenen eskuragarri ipintzea onartu du udalbatzak, aho batez

Crohn gaitza edo hesteetako hantura duten pertsonek sarri komun baten beharra izaten dute itxaroteko astirik gabe, eta arazo horretaz jabetuta, Mutrikuko Udalak Beharra daukat egitasmoarekin bat egitea erabaki du.

Hain zuzen ere, udal hornikuntzetako komunak beharra duten horien eskuragarri ipiniko dituzte. «ACCU Gipuzkoa elkarteko bat euren proposamena aurkeztera etorri zen orain egun batzuk, eta oso interesgarria iruditu zitzaigun. Ideaia udalbatza osatzen duten beste alderdiei aurkeztu ondoren, osoko bilkuran proposatu genuen gaia, eta ahoz batez onartu zen», azaldu du Jose Angel Lizardi Mutrikuko alkateak.

Lizardik gaineratu duenez, hurrengo asteotan herriko elkarteekin batuko da udala, egitasmoa ahalik eta gehien ezagutara eman eta atxikimenduak lortzeko.

Irtenbide bat

Jone Argoitia ACCU Gipuzkoa Gipuzkoako Crohn eta Ultzeradun kolitisaren gaixoen elkartea elkarteko presidenteak, bere aldetik, udalak emandako atxikimendua eskertu nahi izan du. «Mutrikuko Udala moduko erakunde bat gure proiektuan sartzeak sekulako bultzada ematen dio gure proiektuari. Egia esan, erakunde batek guri laguntzea asko da. Batetik, erakunde bezala pisua duelako, eta, bestetik, erakunde horrek herrian gure lana zabaltzeko ahalegina oso garrantzitsua dela iruditzen zaigu».

Duela hilabete batzuk antzeko proiektu baten berri eduki zuten elkarteko kideek, eta hala, Beharra daukat egitasmoa sortzea erabaki zuten. «Gaixo gaudenok momentu puntual batean komun baten beharra izaten dugu. Behar hori ikusita, eta gaur egun komun publikoak aurkitzea nahikoa zaila dela jakinda, proiektu hau bultzatzea erabaki genuen. Proiektu honi esker, beharra daukagun momentuan arazoari irtenbide bat emateko aukera dugu».

Nabarmendu dutenez, proi- ektua ez da mugatzen hesteetako osasun arazoak dituzten ACCUren kideei, ezta ere gaixotasun inflamatorioa dutenei ere; baizik eta komun baten beharra duten guztiei dago zuzenduta.

Proiektua maiatzean abiatu zuten Donostia mailan, eta harrez geroztik, gero eta gehiago dira bat egin duten elkarte, norbanako eta erakundeak. Proiektuak oso erantzun ona jaso du, eta Mutrikuko Udala, esaterako, proiektura gehitu den hirugarren udala izan da, Donostiaren eta Andoainen atzetik.

Mugikorretan ere bai

Elkarteko kideek adierazi dutenez, proiektua martxan ipini zenez geroztik 50 bat txartel banatu dituzte herritarren artean, eta hura eskatzea erraza dela azaldu dute. «Gaixoak sendagilearengana jo behar du, eta medikuak, bere gaixotasuna tarteko, komun baten beharra duela ziurtatu beharko du. Ziurtagiri hori elkartera ekarri ondoren, txartela luzatuko diogu. Txartel horri esker, atxikitutako tokietan txartela erakutsi, eta inolako azalpenik eman gabe komuna erabili ahal izango du».

ACCUko kideek gaineratu dutenez, erabiltzaileak proiektura atxikituta dauden komunak non dauden jakiteko aukera izango du, mugikorretarako Beharra daukat aplikazioari esker. Aplikazioak erabiltzailea dagoen tokia geolokalizatu, eta gertuen dituen komunen berri ematen du, besteak beste.